XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Honela nabarmen jartzen zen auzo hauek elkarren artean zuten elkartasuna, gaur auzo batean eta bihar bestean eskea errepikatuz.

Altzolako Meza Nagusi honetara Aiako alkatea joaten zen, eta meza ondoren, eguraldiak laguntzen bazuen, prozesioa ateratzen zen elizbiran edo eliz atarian ibiliaz. Ondoren, eta orain dela berrogeita zortziren bat urtera arte, aurreskua plazan dantzatzen zen.

Arratsaldean, erromeriak festa giroa jartzen zuen plazan Etxeerre edo Apaiz Etxea izenekoaren mandioan, lanabesak eta abar gordetzen zituzten lekuan.

Festa erdian gazteria biltzen zen giltzeroen deiari erantzun ona emanez. Bilera honetan diru ordainketa egiten zuten, gerorako utzi gabe, festaren gastuei erantzuteko behar zuten diruarena.

Gero, dantzan jarraitzen zuten gaueko bederatziak arte. Hau honela orain dela hirurogeita zortzi urtera arte.

Biharamonean, mutilen meza izaten zen, goizeko hamarretan. Meza honetan, giltzero batek eliz parrokiaren alde eskatzen zuen.

Arratsalde eta gaueko erromeriak osatzen zuen eta baita amaiera eman ere eguneko festari.

Altzolako auzoan ospatu izan da San Roman hirugarrena. Goizean, gazteak oilasko biltzia izeneko eskera ateratzen ziren, eskusoinu doinuaz ibilera alaituz. Gazte hauek txapelaz estaltzen zuten burua; eguneroko galtzak, brusa eta, apaingarri, sedazko zapia lepoan. Oinetan azmantar zuriak eta abarkak.

Bi gaztek zurezko sardaia zeramaten bizkarrean eta bertan zintzilikatzen zituzten hanketatik ematen zizkieten oilasko eta oiloak. Honela egiten zuten eskea baserriz baserri, ate deia egin ondoren dantza pare batekin agurtuaz. Urte barruan hildakoaren etxe atarian, txapela kendu ondoren, soinua isiltasun bihurtzen zen, dantza errezo bihurtzen zen, Aitagure eta Salbe batekin.

San Roman hirugarren gauean gazteria neska-mutilak Etxeerre baserrian biltzen zen, oilasko jatea izeneko afarian. Gero, eskusoinu edo soinu txikiaz alaitutako dantzaldiak ematen zion amaiera jaialdiari.

Soinujoleen ordainketa Mutil ardoa elkartearen gain joaten zen, baita festa honetan eta hurrengo igandean edo San Roman Domekan lekuko ziren guztiei ardoa ematea ere.

Azken urte hauetan, orain dela hemezortziren bat urte arte, oilasko jatea tabernan egiten zuten; egun, galdurik aurkitzen da ohitura hau.